AGUR 2016 / AUPA 2017

Kalea maite dugu, bizitzeko behar dugu; kaleak zera sortarazten digu grina, bizi-poza. Kalean jaio ginen eta, ikuskizun bakoitzean, arima zati bat bertan itzaltzen zaigu.

2016 urteak hamaika ate ireki zizkigun; esaterako, Esloveniako herriak harrera ezinhobea eskaini zigun, Donostia-San Sebastián Europako Kultur Hiriburua 2016 erakundearen bermepean antzeztu ahal izan genuen Zubideak programaren bitartez, bai eta Agüimes herriko Festival del Sur jaialdian ere; Bilbon Tonbola 0.0 (0 eraso 0 ezberdintasun) proposamena auzorik auzo eraman genuen eta, noski, plaza ezagunetako eta ezezagunetako bazterrak nahastu genituen kilometroz kilometro. Hori gutxi balitz, BasqueFest jaialdia ere hornitu genuen Anfitrioiak antzezlanarekin lur-azalean eta @Begotxudelbotxo eta haren lagun Mirentxurekin Bilboko itsasadarrean zehar eta historiaz blai. Gainera, Fitur ekitaldian irribarreak piztu genituen antzerkiaz baliatuz betiere eta, Aste Nagusiko Txikigunea eskenatoki bilakatu genuen Bilbobusa Gorri eta Alonso gidariaren eskutik. Aldi berean, etxeko eta atzerriko jaialdi, azoka edo eta kultur-ekitaldietan parte hartzeaz gain, Olentzero eta haren lagunak han-hemenka ibili ditugu Bilbora gerturatuz berriz ere, baina bai eta Abusu eta San Inazioko auzoetara ere, besteak beste. Guzti hau zorionez eta, noski, jo eta ke lan eginez. Izan ere, antzerkia deritzon honetan, lana gogor eta langile anitz…

Aro berriari dagokionez, 2017 urtea jada abian eta aukera franko eskuartean; haien artean erronka berriak, gogo-biziz badira ere. Bestalde, geure zahar-iraultza xelebrea nonahi islada dadin nahi dugu, edozein herri, hiri edo auzoetako bihotzetan FEMMES atsoak sentitu asmoz. Alabaina, protesta aitzaki, atso xarmangarri hauek umorea izango dute tresnarik baliagarriena publikoaren gozamenerako.

Honetaz gain, irribarrea eta jolasa helburu, JULE ikuskizun berria ehuntzen hastear gaude Rosa Díaz La Rous aski ezagunaren laguntzarekin. Familia osoaren onurarako izango den honetan, irudimenaren, abenturaren eta ametsen inguruan jardungo gara. Eta, aldi berean, familiarteko belaunaldi ezberdinen arteko erlazioak edo erlazio-ezak plazaratuko ditugu.

Azkenik, gaua indar haundiz berreskuratuko dugu Arriaga Antzokiarekin elkarlanean sortuko dugun ikuskizun baten eskutik; hori bai, oraingo honetan, helduei zuzendua.

Haatik, beste hainbat antzerki-ekoizpenetan nonahi murgilduko garela badakigu; indarrak piztu eta xahutzen dizkiguten horietan, alegia. Zerk edo zerk akaatuko bagaitu, izan dadila, bederen, antzerkia.

Antzerkiz jositako urtea opa dizuegu, zuek denoi.

Hurrengo ekitaldiak:

JULE

20:30 LABASTIDA (ARABA)

JULE

19:00 VITORIA - GASTEIZ

FEMMES

12:30 GORLIZ (BIZKAIA)

JULE

DONOSTIA