Asmo berri onak.

Gu ez gara beste inor baino gehiago ez eta gutxiago ere. Urte berri bati ekin diogu eta, dagoeneko, sare sozialen eta komunikabideen hitz edo ahotan, “asmo” deritzoguna gai nagusi bilakatu da berriz ere; asmo berriak edo onak, edo ohiko deritzegun horiek, astebeteko epean ahaztuko ditugunak, alegia. Hala nola, erretzeari utzi, ur gehiago edan, kirola egin edo gutxiago gastatu (azken hau antzerki konpainia batentzat ezinezkoa da; izan ere, horretarako dirua eduki behar baita). Geure zerrenda honetan JULE idatzi dugu, Arial hizkiz eta 30 tamainuan, beltzean, azpimarratuta eta fosforitoz markatuta. JULE zera da, publiko familiarrarentzat sortzen ari garen kale-ikuskizun berria; estreinaldia? Maiatzean. Eta, zuzendaritza-lanetan laguntzaile? Rosa Díez, La Rous.

Aurten, ia 30 urteko zama (barka, eskarmentua eta ibilbide artistikoa) bizkar gainean dugula, hain geure eta gertu sentitzen ditugun istorioak kontatzen jarraitzea dugu helburu; berria ez, baina ona behintzat bada geure asmoa. Zera nahi dugu, geure kutsuko sorkuntza-lanetan jarduten jarraitu eta, istorio hauekin, publikoa bidaiarazi, hunkitu, euren kontzientziak astindu eta barrez lehertarazi. Baina JULE ez da soilik asmoa; JULE, dagoeneko, errealitate bilakatu da, biziduna da. Izan ere, sortze-prozesuan dago murgilduta; eta, beraz, inguruan darabilgu zelatan, loa galarazten digu, pozez zoratzen eta arduratzen gaitu, lanean buru-belarri gauzka. JULE lanak irudimena du ardatz, fantasia; halaber, senideen arteko erlazioak ere jorratzen ditu. Eta, nola ez, haurtzarotik sortu eta elikatzen ditugun ametsetan datza, agian lortuko ez ditugun horietan, edo bai. Irmoki bilatu eta beteko ditugun ametsez arituko gara.

JULE emakumea da, kalea da; JULE publikoaren parte-hartze aktiboa da; JULE akzioa da, umorea. Baina, batez ere, JULE zera da antzerkia pasioz maitatzearen ondorioa, besteengandik bereizi gaituen geure kutsuko antzerkia, hain zuzen.

 

2018 urterako, aurki azalduko dizkizuegun hamaika proiektu dauzkagu esku-artean. Eta, bitartean, geure asmo berri onei ekingo diegu. Edo ez… kaka zaharra! Zerrenda galdu dugu jada…

Hurrengo ekitaldiak:

FEMMES

MUNDAKA (BIZKAIA)

JULE

ZORNOTZA (BIZKAIA)