HAIEN ZAPATETAN

Krisi humanitario testuinguruetan eta gatazka armatu orotan biztanleria zibila izan ohi da kaltetuena. Bereziki, emakumeen eskubideen urraketa egoerak eta haien aurkako jazarpenak erruz areagotzen dira une horietan; argi eta garbi, gizonezkoek baino egoera anitzez larriagoa jasaten dute. Aurten, 2017an, dagoeneko 50 urte igaro dira israeldarrek palestinar lurraldea ilegalki okupatu zutenetik. Hala ere, 2 milioi errefuxiatutik gora bizi dira bertan, guztiak ere duintasuna-, borondatea- eta erresilientzia-adibide ezin hobeak. Izan ere, herrialde honek 65 urte daramatza bidezko irtenbide iraunkorraren zain.

“En sus zapatos” ikuskizunak antzerkia eta bizipen-jolasa ditu ardatz. Honela, publikoak bere azalean biziko du Palestinako emakume errefuxiatuek egunean-egunean eta egoera horietan pairatzen duten ikusezintasuna eta isiltasuna. Zehazki, emakume ororen duintasunak jasaten duen oinazea eta euren eskubideen urraketa azaleratzen dira. Era berean, antzerki-lan honek emakumeak herrialde palestinarraren sostengu nagusi gisa ermeki taularatu ditu; egiaz, emakumeak biztanleria harriz-harri eraikitzen duen funtsezko euskarri baitira. Beraz, antzerki-jolas honek aipatutako testuinguruan emakume izateak zertan datzan nork bere azalean bizitzea du helburu.

Beste edonoren zapatak janztea edo bere azalean bizitzea zera da, beste norbaiten bizipenak zeure bilakatzea, harekin enpatizatzea, haren izatea hobeto ulertzea. Izan ere, ikuskizun honek rol trukaketan jolastea du helburu; azken finean, kointzidentzia eta errealitate hutsa ez baitaude oso urrun.

Jaurti itzazue dardoak, bederen! Gatazkak eta krisi humanitarioak, zoritxarrez, bere hortan diraute eta.

UNRWA, Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren babespean Hortzmuga Teatroak sortutako ikuskizuna

 

Ekoizpena: Hortzmuga Teatroa

Zuzendaritza: Arantza Goikoetxea

Antzezleak: Arantza Goikoetxea, Alejandro Antúnez

Testua: Izpiñe Soto

Eszenografia ta Atrezzoa: Iñaki Aginaga

Soinua: Ibon Aguirre

Argiztapena: Vanesa Santos Mejuto.

Diseinu Grafikoa: Vudumedia.com

  • Edukiera: gehienez 40 pertsona.
  • Espazioa: oztoporik gabekoa eta 10m x 10m neurrikoa (gutxienez 8m x 8m; neurriokin arazorik edo zalantzarik balego, konpainiarekin hitz egitea eskertuko genizueke).
  • Espazioa zeharo iluna izan dadin nahitaezkoa da.
  • Entxufe arrunta.
  • Aparkalekua IVECO furgoneta batentzat.
  • Bainugeladun kamerinoa.
  • 4 orduko muntaia eta 1’5 orduko desmuntaia.
  • Ikuskizunerako espazioaz gain, aldamenean bestelako gela edo lekua behar da; hau da, ikuskizunaren ostean, solasalditxoa eskaintzen dugu UNRWAko kide batekin eta bi antzezleekin batera. Era honetan, palestinar emakumeek errefuxiatuen esparruetan bizi duten egoerari buruz aritzeko aukera eskaintzen dizuegu, betiere gizartearen sentsibilizazioa helburu.