BURDIN JAIA FEST jaialdia

Zoragarria da, benetan, herritarrek herritarrentzat eginiko ekimenetan gogoz parte hartzen dutenean. Eta, zer esanik ez, herritarrekin soinez soin aritzeak sortarazten duen poza; batez ere, euren herriaren iragana, oraina eta geroa omentzeko sortutako eta antolatutako jaialdiari buruz ari bagara.

Jada urte asko dira Hortzmuga Teatroa taldeak Abanto-Zierbenan, Gallarta herrian zehatz-mehatz, Burdin Jaiaren ekintza eta jardueretan parte hartzen duela. Ospakizun hau garaiko meategietan lan egin eta bertan bizia galdu zuten meatzariak eta txirlerak omendu asmoz sortu zen. Honela, konpainia honetako kideak ibilalditxo berezi baten gidari bilakatuko dira eta garaiko meategietako pasarteak antzeztuko ditu.

Bi egunetan zehar burutuko den antzerki-ibilaldi* honetan, 8 eta 80 urte bitarteko herriko 25 lagunek hartuko dute parte. Hain zuzen, Hortzmugak antolatutako antzerki-tailer batean hilabetez aritu dira lanean antzerki saio hauek prestatu asmoz. Hortaz, herritarrak eurak izango dira Gallartako meategietako istorioak antzerkiaren bitartez hezurmamituko dituztenak.

Hortaz gain, aurten lehenengoz, Isiltasun Igoera burutuko da, Gallartako garaiko meatokietan ustiapen lanetan jardun ziren langileak eta hildakoak omentzeko helburuarekin. Horretarako, parte hartu nahi duten herritar guztiek kandela eta farol txikiak eramango dituzte soinean. Gainera, igoeran zehar, Hortzmugako kideek eta antzerki-tailerrean aritu direnek Gallartako iraganeko meatokietara bidaiatuaraziko gaituzte, antzerkiaren laguntzarekin garaiko argazkiak berzpituz.

Amaitzeko, argiz josiko dugu ibilbidearen amaiera, parte-hartzaile guztion farol txikiak elkartuz. Ostera, musikak eta pirotekniak bat egingo dute, Lekeittioko Deabruen suzirien eta Ibon Aguirreren zuzeneko musikaren eskutik.

Ospakizun honetan, Hortzmuga eta Gallartako herritarrekin bat egin dezazuen nahi dugu. Honela, Gallarta herrian burutuko diren ekimenen zorioneko lekuko izango zarete urriaren 3 eta 4 egunetan.

Hurrengo ekitaldiak: