FEMMES

Bizirik gaude, beraz, ikuskizun bizia da hau

Joan den ostiralean, Arrigorriagako Clown eta Pailazoen Nazioarteko Jaialdian, gure azken kale-lana estreinatu genuen: FEMMES.

Oraingo honetan, alde batera utzi nahi izan ditugu gure lan askotan erabili izan ditugun baliabide teknikoak eta burdinazko egiturak. Musika eta soinuzko bilgarririk gabe, ordu luzeko muntaketa-lan astunik gabe, milimetroan kubikatutako furgonetarik gabe (zenbaitetan baimendutako tara doi-doi errespetatuta) … Lau pertsona besterik ez; adinean aurrera doazen lau emakume, kalea eszenografia gisa hartuta, publikoarekin harreman hurbilak sortzea asmo duen jolasa sortzen; beti izan baikara abilak horretan. Ironia eta umorez kritikatzen dute gure ingurua, gizartea; geure buruaz barre egitea gizakiaren berezko natura baita.

Kalerik puruenera itzuli gara, gure sorlekura; bizirik eta etengabeko aldaketan murgilduta dagoen proposamen batekin gatoz, gertatzen denaren eta gertatzen ez denaren arabera eguneratuko diren ekintzekin. Jaun-andreok, jaio berri den organismo bizia da hau eta, normala denez, bere denbora-tartea behar du hazteko; horretan ari gara. Plazarik plaza, herririk herri eta hiririk hiri, baliteke hegazkina hartu eta hizkuntza ezezagun eta ulergaitzak erabiltzen dituzten lekuetara joatea; haur astunak agertuko dira zenbaitetan, zure gainean ogitartekoa jan eta bertan egon, ikusi eta parte hartu nahi duten horietakoak … eta ikuskizuna ezberdina izango da, behin eta berriro; egiazko work in progress bat.

Bizirik gaude, zorionez; lanbide hau, kale-antzerkia, gainontzeko kale-arteekin batera desegiten da gaur egun, aurrekontu pirrikoek kostu txikiko ikuskizunei ematen baitiete lehentasuna, muntaketa txikia eta jende gutxi behar duten ikuskizunei, denetarako eta guztientzako balio duten horiei. Bizirik gaude eta biziaz barre egin nahi dugu, krisiaz, munduaz … eskandalu finantzario, politiko eta moralak eta guzti.

Bizirik gaude, eta gure amen, amonen azalean jarri nahi dugu, bizitzan ahal izan dutena eta tokatu zaiena egin duten emakume horiek asko baitaukate oraindik esateko, dagoeneko geratzen ez zaien denboraren arnasa burugainean sentitzen dutelarik. Bizirik gaude, eta hau hasi besterik ez da egin.

#guerrillafemmes

Hurrengo ekitaldiak: