PUNTATIK PUNTARA

Aurtengo udan, krisia gorabehera edo, hain zuzen ere, krisiagatik, Hortzmuga teatroa “Ni han izan nintzen eta… ez zuten nik ikusitakoa kontatu” lanarekin ibiliko da,  Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere bai, edo, edozein amama edo aititek esango lukeenez, atzerrian.

Gure bira hasia da dagoeneko. Lehendabizi, joan den maiatzean, ikusle portugaldarrekin partekatu genuen gure esperientzia Santa Maria da Feirako MEO IMAGINARIUS Jaialdian. Egitarau aberats zein interesgarria du jaialdi horrek eta Portugaleko kale-ekimen garrantzitsuenetako bilakatu da.

Baina ez dugu gelditu nahi eta larunbatean, ekainaren 20an, hitzordu berria daukagu, oraingoan ikusle arabarrekin, Zigoitiako Festikalen, Gorbeiaren bihotzean, Gopegi kale-antzerkirako espazio berri bilakatuko duen Antzerki Erakustaldian.

Poloniako FETA International Street & Open-Air Theatres Festival-en ere bizi ahal izango du publikoak gure ikuskizuna zuzenean, uztailaren 12 eta 13an. FETAk ohikoa urratzea, kalitatea eta orijinaltasuna bilatzen ditu kaleko proposamenetan.

Eta, oraingoz, Festival D’Aurillac-Festival International de Théàtre de Rue jaialdian bukatuko da gure bira, Off atalean. Gustatuko litzaiguke In ataleko egitarauan egotea, baina bertan Frantziako produkzio eta koprodukzioak eta konpainia egoiliarrak baino ez dira jasotzen. Hala eta guztiz ere, abuztuaren 20 eta 23a bitartean jaialdi horretan parte hartu ahal izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Europako kale-artearen zita garrantzitsuenetakoa da, mundu osoko ikusle eta programatzaile ugari batzen dituena.

Hori dela eta, aurten zein datorren urtean “Ni han izan nintzen eta… ez zuten nik ikusitakoa kontatu” erakusten jarraitzea espero dugu, kale-antzerkian antzerki-esperientzia bizi, aktual eta urratzaileak helburu dituzten egitarau guztietan. Antzerki konprometitua.

Eta, esaldi oso ezagun bati erreferentzia eginda, “ondo hasten dena ondo bukatzen da”.

Hurrengo ekitaldiak: