Laburpena

FEMMES

Soberan duzun gauza bakarra denbora bada; zure inguruak biraka, bizitzak markatu baditu zure orduak; izorratuta eta zahar sentitzen bazara (lehenengoa bigarrena baino gehiago, eta alderantziz)… esnatzeko unea heldu da, erlojuak sinkronizatu eta jarduteko unea. FEMMES unea heldu da orduan.

Lau atso suminduk, lau amona iraultzaile eta aldarrikatzailek, gizartearen desilusio, atsekabe eta nahigabeaz ohartuta, zigor-bidea euren esku hartu eta iraultza egitea erabaki dute, komunikabideetan zein kalean ikusi eta entzuten duten guztia oinarri hartuta. Mugimendu berri bat sortu dute orduan, oldarkortasunezko metodo zentzugabeen eta protesta erabat desegokien bitartez mundua iratzarriko duen mugimendua.

Neoaktibista sozial bilakatu diren atso batzuen aldarrikapen-kantua da FEMMES, aldarrikapen politikoki ezegokia; umorean oinarrituta, bizi/borroka/protesta egiteko modu berri bilakatu baitute probokazioa.

FEMMES kale-ikuskizun ibiltaria da, testurik gabea, eta kalean zein espazio publikoetan esku hartzeko pentsatua dago, publikoaren parte-hartze aktiboa bilatuz. Hala, ikusleak pertsonaia nagusi, bigarren mailako edo figurante gisa kokatuko ditu herri, auzo, plaza edo hiri bakoitzean sortuko diren istorio ezberdinetan.

FEMMES fikziozko ikuskizuna da; kointzidentziarekin izan dezakeen antzekotasun oro errealitatea da.