GERO ARTE, AGUR BETIKO

Duela 25 urte promesa zena… gaur, hileta bilakatu da.

Gero arte, agur betiko atzera bueltako bidaia da: bizirik lurperatu eta berriz ere jaioko gara. Azken 25 urte hauetan, hazi egin gara, huts egin dugu, hiru krisialdi irentsi ditugu eta aske ginela uste izan dugu.

Gero arte, agur betiko zer erein erabaki dezakegulako, datorrena ospatu eta errepikatu nahi ez duguna dantzatuko dugulako; oraindik gure artean ez dauden horiei abestu nahi diegulako. Eta lau haizetara oihukatuko dugu: gero arte beldurrari, agur betiko errudun sentitzeari. Gero arte obedientziari, agur betiko isiltasunari.

Azoka honen 25. urteurrenak zera erakutsi baitigu, antzerkia ez dela ispilu soil bat, konjuru bat baizik. Eskerrik asko bizirik gaudela gogorarazteagatik.

Gero arte, agur betiko.

Hortzmuga Teatroaren ikuskizuna, Umore Azoka 2025 – Leioako Kaleko Artisten Azoka koprodukzioan eta Dantzerti-Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren, Artaza Romo BHI Institutuaren eta Santurtziko Musika Bandaren parte hartzearekin.